Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, Animalia Etikari buruzko udako ikastaro bat eskaini dugu EHUren UIKrekin batera, Donostiako Miramar jauregian. Zuzenbidea, filosofia, hedabideak, literatura eta beste hainbat gai jorratu ditugu bertan.
Espezismoa zalantzan jartzen duen udako ikastaro ofizial bat posible ote da? Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean posible egin dugu EHUren UIK udako ikastaroak antolakundearekin batera. “Animalia Etika gizartean” ikastaroaren bidez, pentsamendu espezistaren oinarri historikoei buruz hausnartu dugu, gaur egun hartzen dituen formak azaleratu ditugu eta gainontzeko zapalkuntzekin batera zelan operatzen duen ikertu dugu.

Animalia Ikasketa Kritikoen alorreko edo hurbileko arloetako hogei profesionalen ahotsak bildu ditugu bi eguneko ikastaroan hainbat gai jorratzeko, guztiak Animalia Etikaren talaiatik: Zuzenbidea, filosofia, hedabideak, literatura, ikus-entzunezkoak eta hezkuntza, hain zuzen ere.






Eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko Unibertsitateari eta antolatzen lagundu diguten langile guztiei. Baita hizlariei eta ikastaro hau posible egin duen publikoari ere. Poz-pozik gaude “Animalia Etika gizartean” ikastaroak izandako harrerarekin, etorkizuneko lanetarako energiaz bete gaituzue.