[Pikara] Antiespezismoaren eta beste borroka batzuen arteko bidegurutzeak

[Pikarako artikulua, Olaia L. Garaialdek AIKren UIK-ko ikastaroko baliabideekin egindako errepotajearekin eta Ziortza Larreategi Gomezen irudiarekin] Palestinaren kontrako genozidioak, krisi klimatikoak, lodifobiak eta kapazitismoak espezismoarekin izan dezaketen harremanaren inguruko zenbait gako ikertzaile eta aktibisten eskutik.

Gizakiz besteko animaliek, beste espezie bateko kide izateagatik, jasaten duten zapalkuntza da espezismoa. Gizakien nagusitasunak haien bizitzak eta gorputzak objektu bilakatzen ditu gizakien nahiak asetzeko eta espezien arteko hierarkiak sortzen ditu. Zapalkuntza sistema horren aurka borrokatzen duen mugimendua da antiespezismoa. Alabaina, animalia guztien askapenerako prozesuan intersekzionalitatea kontuan hartu behar dela aldarrikatzen du mugimendu antiespezistak.

Bizi-bizi daude bidegurutze horien arteko gogoetak, eta horren adibidea da Animalia Ikasketa Kritikoak taldeak eta EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) uda hasieran antolatutako Animalia Etika gizartean: Ikasgeletan bidegurutze teorikoei eta aplikazio praktikoei buruz hausnartzen izeneko udako ikastaroa. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Laura Fernandez AguileraLamia Filali-Mouncef LazkanoItxi Guerra eta Frasco Fernandez ikertzaileek eta aktibistek. Palestinaren kontrako genozidioan, lodifobian, ekofeminismoan eta kapazitismoan sakondu dute.

Palestinaren aldeko kidea da Frasco Fernandez ikertzaile independentea eta Palestinan bizi izan denean tokian tokiko eragileekin kolaboratu du. Argi du gizakiz besteko animaliak “errepresio tresna bezala” erabiltzen direla maiz: “Askotan abereak erabiltzen dira lurralde bateko baliabideak kontrolatzeko, jatorrizko biztanleria tokialdatzeko eta sarraskitzeko”.

Triangelu batekin irudikatzen ditu botere harremanak Fernandezek. Goian gorputz menperatzaileak daude eta behean menperatuak. Goian daude; hala nola normatiboa, mendebaldarra, zuria, gizona, aberatsa, zisheterosexuala eta gaitua izatea. Behean aldiz, emakumea, desgaitua, pobrea, LGTBIAQ+, ez zuria, ez mendebaldarra eta ez normatiboa izatea. Lehenak gizatasunarekin lotzen dira eta bigarrenak animaltasunarekin. “Zenbait kolektibo gizatiartu eta besteak aberetu egiten dituzten egitura kolonialak eta kapazitistak dira. Zenbat eta ezaugarri gehiago izan gorputz menderatzaileetan sartzen direnenak, orduan eta zilegitasun handiago izango duzu behekoa menperatzeko. Gainera, ez da indarkeriatzat hartuko”, esan du.

Statista atariak 2018an emandako datuen arabera, haragi gehien jaten duten herrialdeak Estatu Batuak, Australia, Argentina, Israel, Brasil…