Zer da AIK taldea?
AIK taldea Animalia Ikasketa Kritikoen (Critical Animal Studies) eta Animalia Etikaren alorretan lan egiten dugun euskal doktoregaien eta doktoreen taldea gara. Gizakiz besteko animalien errepresentazioa eta erabilera aztertzen dugu esperientzia literaturan, komunikabideetan eta kultura popularrean, batik bat.
2023an bildu ginen lehen aldiz, Animalia Ikasketa Kritikoak lantzeko, eta taldea sortu genuen.
Gizakiok gainontzeko animaliekin ditugun harremanak aztertzen ditugu, batez ere, gizakiz besteko animalien zapalkuntza zilegitzen dutenak. Ildo horretatik, Animalia Ikasketa Kritikoek ikerketa esparru mugakideekin amankomunean dituzten ezaugarriak biltzeko lan egiten dugu, diziplinartekotasuna sustatzeko, antropozentrismoaren mitoa deseraikitzen laguntzen duten hainbat ikuspuntu teoriko bilduz eta dibulgatuz. Halaber, justizia soziala eta ingurugirokoa aldarrikatzen ditugu.

Ikerketa ildoak
- Antiespezismoaren eta animalien eskubideen filosofiak
- Animaliak komunikabideetan eta kulturan
- Animaliak eta ekokritika
- Perspektiba posthumanista eta antiespezistak
- Animaliak, literatura eta arte-adierazpenak
- Animalien etika elikagaien ekoizpenean eta kontsumoan
- Hezkuntza, hizkuntza eta sentsibilizazio antiespezista
- Giza eta animalien arteko harremanaren historia (ikuspegi dekoloniala, intersekzionala, etab.)
- Animalien zapalkuntza eta beste zapalkuntza batzuen arteko loturak.
- Justizia sozialaren eta antiespezismoaren arteko harremana
- Animaliei buruzko politikak eta legedia
- Aktibismoak eta gizarte-aldaketa
Taldekideok beste hainbat helburu partekatzen ditugu. Alde batetik, globalizazioak eta krisi klimatikoak eragindako eta pairatzen ari garen ondorioak kontuan hartuta, planetarekiko dugun erantzukizun partekatuaren inguruan eztabaidatzea, beste izaki bizidunekiko dugun erantzukizunez eta erlazioez modu kritikoan hausnartzeko. Bestetik, Animalia Etikaren alorra ezagutzen ez duen publiko orokorrari zabaldu nahi dugu, gizartearen interes kritikoa indartzeko eta sustatzeko.
2024an UPV/EHUko AIKri buruzko lehen kongresua antolatu genuen: “Geu ere animalia – construyendo un futuro antiespecista”. Horren harira, AIKetan sakondu nahi duten ikasle, irakasle eta ikertzaileentzako sarean lagungarri izan nahi dugu. UPV/EHUn loratzen ari den AIKen esparrua garatzea dugu helburu, Euskal Autonomia Erkidegoan eta kanpora begira sareak sortze aldera. Hori lortzeko, hainbat elementu erabiltzen ditugu: formakuntzak, kongresuak, liburu aurkezpenak, tailerrak eta hainbat jardueren antolakuntza, baita hiru hilean behin argitaratzen dugun newsletterrarekin bat ere.




Antropozentrismoak kulturan dituen eraginak ikertzen dugu hainbat arlotatik: Posthumanismo Kritikotik, Literatura Ikasketetatik, Ikerketa Kulturaletatik, Harreman Publiko Kritikoetatik eta abar; izan ere, ezinbestekoa dugu globalki pentsatzea krisi klimatikotik eratorritako arazoei aurre egiteko.
Funtsean, taldeak hiru faktore uztartzen ditu: ikerketa akademikoa, konpromiso politikoa eta aktibismoa.
Taldearen helburuak, labur
AIKetan sakontzea
Gizakion eta gainontzeko animalien artean naturalizatutako harremanak aztertzen ditugu, horiek zalantzan jartzeko. Horretarako, antropozentrismoa gainditu eta espezien arteko berdintasunean oinarritutako pentsamolde berriak proposatzen ditugu.
AIKak ezagutzera ematea
Gaiarekiko interesa dutenentzako esparrua izatea, eta, Animalia Etika ezagutzen ez duen publiko orokorrari ezagutzera ematea. Horrez gain, UPV/EHUn loratzen ari den AIKen esparrua garatzea eta beste eragile, ikerlari eta taldeekin sareak sortzea dugu xede.
Diziplinartekotasuna
AIKek ikerketa esparru mugakideekin komunean dituzten ezaugarriak biltzea, antropozentrismoaren mitoa deseraikitzen laguntzen duten ikuspuntu teorikoak bilduz eta dibulgatuz.
Ingurumen erantzukizuna
Krisi klimatikoren ondorioak kontuan hartuta, planetarekiko dugun erantzukizunaz eztabaidatzea, beste izaki bizidunekiko dugun erantzukizunez eta erlazioez modu kritikoan hausnartzeko.