Zer dira Animalia Ikasketa Kritikoak?
Animalia Ikasketa Kritikoak (AIK edo Critical Animal Studies, jatorrian) akademiaren adar bat dira. AIKek teoria kritikoa aplikatzen diete Animalia Ikasketei eta Animalia Etika alor akademikoei.
AIKen helburu nagusia zera da, gizakion eta gainontzeko animalien arteko harremanak ulertzea eta horiei buruzko eztabaida sustatzea. Eztabaida horien bidez, Animalia Ikasketa Kritikoek xede dute gizakiek gainontzeko animaliak zapaltzea zilegitzen duen sistema espezista zalantzan jartzea.
Hori egiteko orduan, AIK alorrak oso kontuan izaten ditu intersekzionalitatea, ingurumen-justizia eta justizia sozialaren politika. Gainera, sistema kapitalistak betetzen duen azpi-zereginaren azterketa kritikoa egiten du.
Animalia Ikasketa Kritikoak 2001ean sortu zituzten Anthony J. Nocella II.ak eta Steven Bestek, Animalien Askapenerako Zentroa sortu zutenean. Zentro hori, 2007an, Animalien Azterketa Kritikoen Institutua (ICAS) izatera pasa zen.
Zergatik dira garrantzitsuak Animalia Ikasketa Kritikoak?
Gaur egun, gizakiontzat ezinbestekoa da globalki pentsatzea krisi klimatikoaren ondorioei aurre egiteko. Desberdintasun estruktural eta sozioekonomikoen areagotzearen aurrean pentsamolde berriak proposatzen ari dira, gizakiak beste izaki guztien gainetik jartzen dituen antropozentrismotik harago. Pentsamolde horien artean, beste animaliekin ditugun harremanen hausnarketa nabarmentzen da; izan ere, tradizionalki ondasuntzat eta gure menpeko izakitzat jo izan ditugu. Aldiz, aipatutako joera berritzaileek espezieen arteko berdintasun moralean oinarritutako harremanak sortzeko beharra iragarri dute. Helburu horrekin, Animalia Ikasketa Kritikoak, mundu mailako ikasketa kritikoen abangoardian, hausnarketa ez antropozentristak lantzen ari dira hainbat esparrutan: akademian, justizia sozialeko aktibismoetan, ikerketan, erakundeetan, profesionalen artean, eta gizartean, oro har.