Zergatik da immorala espezismoa?
Gure gizartean jende gehienak gizakiak, gizaki izateagatik, gainontzeko animaliak baino baliotsuagoak
garela uste du. Sineskera hori jarraituz, gizakion interesek beste edozein interesen aurrean lehentasuna
dutela pentsatzen du gehiengoak. Baina, gizakion interesak, giza interesak izateagatik, gainontzeko
interesek baino kontsiderazio moral handiagoa merezi dute? Zilegi da antzeko interesak modu
desberdinean baloratzea interes horiek dituzten banakoen espeziearen arabera?
Espezismoa, espezie bateko edo batzuetako kide ez izateagatik, espezie bateko edo batzuetako banakoen
diskriminazioa da. Hortaz, espezismoak justifikazio on bat izan gabe espezie bateko edo batzuetako kideak
lehenestea / zigortzea inplikatzen du, antzeko interesak modu desberdinean baloratuz.
Hitzaldi honetan espezismoa immorala dela ondorioztatzeko argudioak eskainiko ditut. Espezismoa
immorala da justifikatu ezin den diskriminazioa delako. Diskriminazioa antzeko interesak dituzten
bi indibiduo modu desberdinean positiboki / negatiboki tratatzea da, moralki garrantzitsua ez den
ezaugarriren batean oinarrituz. Horrela, banako baten interesek merezi duten kontsiderazio morala
zehazterakoan, espezie partaidetza moralki garrantzirik ez duen propietatea dela defendatuko dut hiru
arrazoi nagusietan oinarrituz: (1) Espezie partaidetza banakoen kontroletik kanpo dagoen ezaugarria
da; (2) Banakoen interesak haien ezaugarri partikularren arabera kontsideratu behar ditugu, talde
baten ezaugarri tipikoen arabera banakoen interesak baloratzea ez baita zilegi; eta (3) Gizaki guztion
antzeko interesek kontsiderazio moral berdina merezi dutela pentsatzen badugu, inpartzialtasunak eta
koherentziak eskatzen dute animalia askoren antzeko interesei garrantzia moral berdina ematea.
Azkenik, espezismoa immorala bada, horrek inplikazio praktiko garrantzitsuak izan beharko lituzke,
besteak beste: beganoa / barazkijalea bilakatzeko betebehar morala, animaliekin egiten diren
esperimentu zientifikoak murrizteko betebeharra eta naturan bizi diren animaliak laguntzeko obligazioa.