2026ko kongresurako Call for Papers irekita

Geu ere animaliaren 2. edizioa 2026ko apirilaren 20tik 22ra izango da, EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen.

Lehenengo edizio jendetsuaren ostean, badator Geu ere animaliaren bigarren edizioa, hots, Animalia Ikasketa Kritikoei buruzko bigarren kongresua. 2026ko apirilaren 20tik 22ra izango da aurten, EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen.

Kongresuaren antolakuntzan martxan, call for papersa ireki dugu, hau da, proposamen bila gabiltza. Azaroaren 23ra arte jasoko ditugu laburpenak, honako gai honi lotuta: Gizakiaz bestekoen subjektibotasunari, agentziari eta zaurgarritasunari buruzko irudikapenak. Zehatzagoak izateko, zazpi ikerketa galdera proposatu ditugu:

  1. Nolakoa izan da animalien subjetibitateari buruzko pentsamenduaren eraikuntza historian zehar? Bilakaerarik egon al da?
  2. Zelakoak izan dira eta zein eragin izan dute animalien errepresentazioek imajinario kolektiboan eta haien tratamenduan?
  1. Non dago animalien subjektibitatea, agentzia eta zaurgarritasuna haien errepresentazioan?
  1. Zeintzuk dira hizkuntzaren mugak animaliei buruz hitz egin eta pentsatzerakoan, esaterako, hizkuntzaren filosofia, itzulpengintza eta glosario berriak garatu behar izanari dagokionez?
  1. Zein rol dute antropomorfismoak eta antroponegazioak animalien errepresentazioetan, eta zer eragin du horrek haiei buruz ditugun ideietan?
  1. Zelan operatzen dute gizakien zapalkuntza sistemek (kolonialismoa, arrazismoa, sexismoa, kapazitismoa etb.) gizakiaz besteko animaliengan? Eta espezismoak gizakien diskriminazioarengan?
  1. Zelan errepresentatu izan dira gizakiaz besteko animaliak euskal kulturan? Zelan egin ditzakegu euskal kulturako testu kanonikoen irakurketa kritikoak?